Energiaren Euskal Erakundea (EEE) da proiektu horren buru, Lorra-rekin elkarlanean.
Lorra S. Coop. kooperatiban bildutakook, gure sektorearentzat eta ingurumenarentzat garrantzi handia duen efizientzia energetikoari buruzko proiektu batean parte hartzen ari gara. Euskadi mailan esku hartzen ari gara, hain zuzen, Lursail erakundearen bidez. Izan ere, baltzu horren partaide gara, eta horrek erakunde hauek biltzen ditu: HAZI fundazioa eta Euskal Autonomia Erkidegoko lehen sektoreko bost kudeaketa-zentroak, hots, Abelur, Lurgintza, Aga eta Abere, eta, esan bezala, geu. Proiektuaren eskutik, nekazaritzako eta abeltzaintzako euskal sektorearen egoera ikuspegi energetikotik ezagutu nahi da, arlo horretan behar diren neurriak hartu eta ingurumena hobetzen laguntzeko.
EEErekin batera kudeatzen ari garen proiektuaren helburuak, hortaz, euskal ustiategiak lehiakorrago egingo dituzten eta EEEk sektorearentzat aurreikusi dituen inbertsio energetikoen sustapena doitzeko balio izango duten neurri energetikoak identifikatu eta ebaluatzea dira.
Hogei ustiategirekin elkarlanean –horien artean 9 Lorrako partaide dira–, efizientzia energetikoari buruzko hainbat parametro aztertuko dira, zein alde hobetu behar den zehazteko; horrela, ekoizpen-prozesua hobetzeari begira, aurrezteko neurriak eta efizientzia energetikoari buruzkoak aztertuko dira, baita, elektrizitatea sortzeko energia berriztagarriak (haize-energia eta energia fotovoltaikoa) eta energia termikoa sortzeko energia berriztagarriak (biomasa, geotermia, eguzki-energia termikoa) txertatzeko aukera ere. Azterlan energetikoa osatzeko, azterketa ekonomikoak egingo dira inbertsioei edo susperraldi ekonomikoen gainean, baita ingurumen-azterketak ere, hala nola, atmosferari ekidindako isuriei buruzkoak.
Proiektuan parte hartzen ari diren ustiategiak 5 azpisektore hauetakoak dira: esnetarako behi-azienda, upategiak, baratzekoak, azienda-produkzio intentsiboak (untzitegiak/hegaztitegiak), esnetarako ardi-azienda eta haragitarako behi-azienda (azken horiek, transformazioarekin). Sektore-aukera ugari horri esker, oso ikuspegi osoa izango da gai horri buruzko premia eta erronken gainean. Azpisektore bakoitzeko ustiategiak banan-banan aztertu ondoren, jarduketa energetikoen bilduma aurkeztuko da, horiek antzeko ezaugarriak dituzten beste ustiategi batzuen artean zabal daitezen.
Euskadiko lehen sektorean energia-arloan jarraitu beharreko ereduak ezartzea da helburua epe luzera. Proposatuko diren jarduketa energetikoak egingo dituzten ustiategiak, jardunbide egokien erakusbide izango dira efizientzia energetikoan eta energia berriztagarrien ustiapenean, eta ingurumen-onura handiak ekarriko dituzte.
Lorran dihardugunok oso garrantzitsutzat jotzen dugu horrelako ekimenei ekitea, hots, gure profesionalen ingurumen-konpromisoarekin bat datozenei. Izan ere, proposamen horiek efizientzia ekonomikoan eta energetikoan aurrera egiten dute, eta sektore osoaren onerako dira.