Bizkaiko lehen sektoreko ekintzaileen artean nekazaritza ekologikoa lehenengo aukera gisa egonkortu da.
Eusko Jaurlaritzak hiru foru-aldundiekin lankidetzan aurrera eramaten duen Gaztenek programak 13 urte daramatza funtzionamenduan, eta gero eta gehiago dira jarduera horrekin bat egin duten ustiapen berriak. Denbora bitarte horretan, ekintzailetzako 373 proiektu berri onartu dituzte, eta horietatik % 21 baino gehiago nekazaritza ekologikoan diharduten ustiapenak dira.
Ekintzailetzarako joera hori bat dator Euskadiko joera orokorrarekin, ENEEK Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluaren nekazaritzako elikagai ekologikoen ekoizleek emandako azken datuen arabera.
Datu horien arabera, Euskadin erregistratutako agente ekologikoen errolda % 8 igo zen 2016an. Lurraldekako hazkuntzari erreparatzen badiogu, hazkuntzarik handiena Bizkaian eman da (% 10,3); gero, Gipuzkoan (% 7,3), eta, azkenik, Araban (% 6,5).
2016an, 514 agente zeuden erroldatuta: Bizkaian 161 agente (erroldaren % 31,1) Araban 147 agente (erroldaren % 28,6) eta gehienak, Gipuzkoan, 216 agente (erroldaren % 40,1).
Azalerari dagokionez, % 7,74ko hazkuntza erregistratu zen; hazkuntzarik handiena Araban (% 8,8), eta, horren atzetik, Bizkaian (% 6,6) eta Gipuzkoan (% 6,2).
Bizkaian Euskadiko azalera ekologikoaren laurdena dago kasik, % 24,4 eta 4.785 hektarea zehazki. Erdia baino gehiago Araban dago ( % 54,9) eta % 29,7 Gipuzkoan.