Eguzki-instalazioari esker, 2024an, 20,42 tona CO₂ isurtzea saihestu genuen, eta, horren eskutik, energia-efizientziarekin dugun konpromisoa indartu dugu. Gure asmoa da inpaktu hori sektore osora hedatzea, ASG Consultoría Energética-rekin elkarlanean arituz.
LORRAkook sinetsita gaude energia-efizientzia eta jasangarritasuna gure jardueraren eta Bizkaiko nekazaritza eta abeltzaintza sektore osoaren oinarrizko euskarriak direla. Horregatik, etorkizunerako aurrerapauso bat eman dugu, gure bulegoetako estalkian sistema fotovoltaiko bat instalatu baitugu. Hala, eguzki-autokontsumoaren aldeko apustua egin dugu, kudeaketa eraginkorragoa eta arduratsuagoa lortzeko bidea urratuz.
Halaber, eraldaketa Bizkaiko lehen sektore osora hedatu nahi dugu eta, horretarako, lankidetza-akordio bat sinatu dugu instalazio horretaz arduratu den ASG Consultoría Energética enpresarekin. Helburua da nekazaritza-ustiategi guztiek energia-efizientziako konponbideak eskuratu ahal izatea, eta, ondorioz, karbono-aztarna murriztea eta kontsumoa optimizatzea.

Benetako inpaktua duen jasangarritasuna

Gure bulegoetako instalazio fotovoltaikoak aurrerapen nabarmena ekarri du jasangarritasunari eta eraginkortasunari dagokienez. Guztira 32,7 kW-ko potentzia du, 2024an, % 38,42ko autosufizientzia-maila lortu dugu, eta autokontsumoa maximizatu egin dugu martxotik urrira bitartean. Halaber, sortutako energiaren % 61,40 esportatu dugu sarera, eta, horri esker, nabarmen murriztu da gure faktura energetikoa.
Ekimen horren eragina nabaria da. Gure instalazioa herrialdeko eguzki-instalazioaren % 66aren gainetik dago efizientziari dagokionez, eta, horri esker, 20,42 tona CO₂ isurtzea saihestu dugu, 28 zuhaitz landatu bagenitu bezala. Gainera, 17,19 tona ikatz aurreztea lortu dugu, eta, horrela, klima-aldaketaren aurkako borrokan gure aletxoa jarri dugu.
Gure talde osoak eta laguntzaileek aurrerapen horiek hurbiletik jarraitzeko aukera izan dezaten, informazio-panel bat jarri dugu gure bulegoetako atondoan, lortutako ingurumen-onurak denbora errealean adierazteko.
Bultzada energia-efizientziari Bizkaiko nekazaritzako elikagaien sektorean
Lehen sektore eraginkorragoa eta iraunkorragoa lortzeko dugun ikuspegia gure jardueratik haratago doa. ASG Consultoría Energética-rekin sinatutako akordioaren bidez, nekazaritza-ustiategiei energia-kontsumoa eta ingurumen-inpaktua murriztuko dituzten konponbideak eskuratzeko aukera eman nahi diegu.
ASGek zerbitzu osoa ematen du: proiektuak aztertu eta diseinatzen ditu; baimenak, dirulaguntzak, finantzaketa eta instalazioak kudeatzen ditu, eta instalazioen mantentze-lanez arduratzen da. Konponbideek hauek barne hartzen dituzte, besteak beste, ustiategi bakoitzaren beharretara egokituta: eguzki-energia fotovoltaikoa, mini eolikoa, aerotermia, geotermia, biomasa, domotika eta karga-estazioak.
Onurak argiak dira: energia-kostu finkoetan aurrezpen ekonomiko nabarmena, karbono-aztarna murriztea eta establezimendu jasangarri gisa kokatzeko aukera berria, ustiategi bakoitzaren balio erantsia indartuta.
Ezarpen-prozesuak ondo zehaztutako metodologia baten araberakoa izango da: lehenik, interesa agertzen duen ustiategi bakoitzaren energia-kontsumoa aztertuko da, eta hobetzeko aukerak identifikatuko dira. Hortik abiatuta, neurrirako irtenbide bat diseinatuko da, eskura dauden baliabideak ahalik eta gehien optimizatuta. Ekimen horrek interes handia piztu du LORRA osatzen duen mugimendu asoziatiboan. Lehen urratsa emateko, laster informazio-bilera bat antolatuko dugu, eta bertan zehatz-mehatz azalduko ditugu lankidetza horrek nekazaritza-ustiategiei eman diezazkiekeen aukerak.