Lorrak Bizkaiko Mahai Sektorialaren enkarguz koordinatzen duen Suspertze Planaren esparruan
Urtarrilaren 25etik, Bizkaiko nekazaritzako elikagaien sektoreko ehundik gora erakunde sektorea suspertzeko neurriak aztertzen ari dira. Izan ere, Bizkaiko Mahai Sektorialaren enkarguz nekazaritza eta abeltzaintzako kudeaketa-zentro Lorrak koordinatzen duen asmo handiko Suspertze Planean parte hartzen ari dira.
Proiektu horren helburua da Bizkaiko lehen sektoreko erakundeak eta egiturak hausnarketa prozesu batean inplikatzea, haietan kezka handia sortzen duten gaiei buruzko neurri zehatzak eta politika publikoak proposa ditzaten. Sektoreari hitza ematea da asmoa, sektorearen premiak konpontzeko adostasunak lortzea eta ekintzak zehaztea Bizkaiko Foru Aldundiak burutu ditzan.
Hain zuzen, lau gai jorratzen ari dira, hiru lantaldetan: abeltzaintza estentsiboa, ustiategiko albaitariaren asistentzia, eta laborantza-lurzorua eta belaunaldi-erreleboa.
Lantalde horietako bakoitza eztabaida-mahaietan lan egiten ari da Bizkaiko Mahai Sektorialak aldez aurretik koordinazio-zeregin gisa zehaztutako erronkei erantzunak emateko. Halaber, erakundeak funtsezko eragileei lantaldeetan parte hartzeko dei egin die, eztabaidaren ordezkagarritasuna eta baliotasuna bermatzeko. Era berean, eztabaida proposatzeko agiriak eta hausnarketaren ondorioak bilduko ditu, hala nola, mahaigaineratuko diren ekintzak. Hori guztia parte-hartzaile ororen eskura egongo da.
Lehenengo hiru eztabaida-mahaiak, hau da, lehenengo urratsak, urtarrilaren amaieran egin dira, Derioko Baserri Antzokian.
Urtarrilaren 23an, abeltzaintza estentsiboaren gaineko mahaia egin zen, eta horretan 47 pertsonak parte hartu zuten, hain zuzen, sindikatuen, Administrazioaren, udalen, abeltzaintza-elkarteen, landa-garapeneko elkarteen eta herri-mendien kudeatzaileen ordezkariek. Lantalde horren erronka da abeltzainen etorkizuneko jasangarritasunaren aldeko eta bazkaren autosufizientzia lortzeko artzaintza estentsibo bideragarriaren erabilera-eredu bat edo batzuk adostea.
Urtarrilaren 25ean, ustiategiko albaitaria gaia jorratu zen mahai batean, eta horretan 32 pertsonak parte hartu zuten, hain zuzen, sindikatuen, Administrazioaren, Albaitarien Elkargoaren, albaitari klinikoen eta abeltzainen elkarteen ordezkariek. Helburua, ustiategiek landa-albaitaritzako zerbitzua eskura izan dezaten.
Urtarrilaren 30ean, laborantza-lurzoruaren erabileraren eta belaunaldi-erreleboaren gainean hausnartu zen, eta hausnarketa horretan 34 pertsonak parte hartu zuten, hain zuzen, sindikatuen, Administrazioaren, nekazaritza eta abeltzaintzako elkarteen eta landa garapeneko elkarteen ordezkariek, gazte instalatu berriek, erretiroa hartzeko adineko profesionalek eta nekazaritzako elikagaien barruan ekintzailetzan aholku ematen duten Lorrako langileek. Eztabaida horren helburua, laborantza-lurzorua prezio egokian eta bermeekin eskuratu ahal izatea eta sektorean profesional berriak sar daitezen sustatzea.
Bilera horiei buruzko iritziak oso onak izan dira; Lorrako kudeatzaile Martin Uriartek adierazi duenez, “eztabaida ugari, proposamen interesgarriak eta emozioz beteriko mintzaldiak izan dira. Eskertzen dugu Bizkaiko lehen sektorean kezka handia sortzen duten gaiez eztabaidatzeko eta proposamenak egiteko aukera eduki izana. Espero dugu aukera horren ondorioz gure lurralde-administrazioak politika publikoak burutu ditzala eztabaidagai guztiak hobetzeko”. Lan-saio horietan, lehen proposamenak bildu dira, eta parte hartu duten erakundeak horiek beren kideekin aztertzen ari dira, otsailean behin betikotzat aurkezteko. Jasotako ekarpen guztiak bildu ostean lan-agiri bat egingo da otsailaren amaieran; Mahai Sektorialak aztertuko du eta ondoren gonbidatutako erakundeei itzuliko zaie, adostasun-bilera eta alegazio gehiago egin daitezen. Agiria martxoaren amaieran ixtea espero da.