Aurreko Kontseilu Errektorearen legealdiak aurrera eraman zuen 2013-2017 Estrategia Plana pasadan ekitaldian amaitu genuen, eta ekainean berritu zen. Plana guztiz estalita geratu da, ekintza-planak ia osorik bete direlako eta hasiera batean zehaztu genituen helburuetatik ia % 90 bete ditugulako.
Lorraren Kontseilu Errektoreak, legealdi berriarekin, datozen lau urteetako estrategia eta aurrera eramango diren jarduerak zehazteko hausnarketa-prozesu berri bati ekitea erabaki du. Prozesu horretan berriro definitu dituzte Lorraren misioa, bisioa eta balioak: “Gure misioa Bizkaiko nekazaritzako elikagaien sektoreko enpresarien ordezkari izatea eta haien elkarte-mugimendua egituratzea da, eta, halaber, gure bazkideek eta bezeroek zer behar administratibo, tekniko eta ekonomiko dituzten aurreikustea eta haiei erantzutea”.
Eragin diezaguketen faktore politikoak, sozialak, ekonomikoak eta teknologikoak aztertu dira, eta eskainitako produktu/zerbitzu ezberdinak ere bai, eta horiek nola hobetu daitezkeen, bezeroek nola baloratzen dituzten eta gure langileen gaitasunak nola zabaldu daitezkeen aztertu dugu.
Hortik abiatuta, hausnarketan parte hartu duten guztien iritziak eta komentarioak biltzen dituen AMIA azterketa definitu da (Ahultasunak, Mehatxuak, Indarrak eta Aukerak), eta, halaber, datozen ekitaldietan landuko ditugun lau ildo estrategikoak zehaztu dira, haien helburu zehatzak betetzeko diseinatu diren ekintza-planekin eta dagozkien adierazleekin batera:
1. ardatza.- Garapen korporatiboa berrikuntzaren, pertsonen eta barne-antolakuntzaren eremuetan, laneko bost ildo nagusiekin eta 28 ekintza-planekin.
2. ardatza.- Merkataritza-plangintza sistematikoa egitea eta komunikazio-jarduerak indartzea, laneko hiru ildo nagusiekin eta 14 ekintza-planekin.
3. ardatza.- Erakundean eta sektorean bertan digitalizazio-prozesua aurrera eramatea inguruneko agente ezberdinen laguntzarekin, bi jarduera-ildo nagusiekin eta zortzi ekintza-planekin.
4. ardatza.- Inguruneko agenteen artean itunak egiteko eta lankidetzarako politika bat diseinatzea, laneko ildo nagusi batekin eta sei ekintza-planekin.
Hausnarketa honetatik eratorriko den estrategia-plan berriak zehaztuko du datozen lau urteetan (2018-2021) jarraituko dugun bidea, eta gure kooperatiba eratzen duen ingurune osoari aurkeztuko zaio.