Elikagaien xahuketaren aurka dugun konpromisoari tinko eutsita, Lorra S. Coop. kooperatiban bildutakook aktiboki parte hartu dugu “Janaria ez da botatzen” goiburuko azken sentsibilizazio-kanpainan.
Ekimen hori joan den urtearen amaieran abiarazi zen, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak bultzatuta, eta hiru astez egin da, Euskadiko hiru hiriburuetan. Kanpainaren esparruan mezuak eta gomendioak zabaldu dira hiriotako hainbat tokitan, hala nola markesinetan edo kaleko eserlekuetan, baita sare sozialetan ere.
zerodespilfarro.elika.eus web-orrian aholkuak ematen dira erosteko ohiturei eta etxetik kanpo elikagaiak kontsumitzeari buruz, ahalik eta soberakin gutxien egon dadin kontuan hartu beharrekoak. Erosteko aholkuetako batzuk hauek dira, besteak beste: erosketa-zerrenda bat egitea, etxean aldez aurretik zer dugun berrikusita eta anoak ondo kalkulatuta, eta etxetik kanpo jaten denean, jango duguna bakarrik eskatzea. Horren guztiaren bidez, nabarmen utzi nahi da jakiak botatzen direnean, dirua ez ezik, ura eta energia ere xahutzen direla eta, hori gutxi balitz bezala, mesede egiten diogula klima-aldaketari. Horri aurre egiteko, elikagaien xahuketa murriztea guztion erronka dela proposatu da, eta elikakateko eragile guztien inplikazioa behar du.
Ostalaritza eta elikagaien banaketa sektoreentzat lacomidanosetira.eus web-orria prestatu da: elikagaiak alferrik galtzearen aurkako gida, negozioetan hori murrizteko tresnak bildu dituena. Soberakina saihetsezina dela hartu da abiapuntutzat, baina xahutzea ez da saihetsezina, eta hondakinak modu egokian kudeatzeak negozioan aurreztea dakarrela argudiatu da. Horren erakusgarri gisa beste datu bat eman da: txikizkako merkataritzan urteko fakturazioaren % 1,7 inguru alferrik galtzen da, arazo hori dela eta. Lorran argi dugu elikagaiak xahutzearen gizarte-, ekonomia- eta ingurumen-arazoaren munta. Izan ere, aspalditik parte hartzen dugu elikagaien xahuketaren aurkako Euskadiko plataforman, eta kanpainarekin bat egin dugu eta gure inguruan zabaldu. Sinetsita gaude arazo horretaz jabearazi behar dela, neurri globalak har daitezen eta guztion helburua elikagaiak ez xahutzea izan dadin.