LORRAko kideok IHOBErekin kolaboratu dugu Life Urban Klima 2050 proiektuan, klima-aldaketari buruzko lehen sektorearen ikuskera eta errealitatea ezagutzera emanez.
KLIMA 2050 – 2050erako Klima Aldaketaren Euskadiko Estrategia hedatzeko proiektua da. Proiektu hori Europar Batasunak onartu eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak lideratzen du, Ihobe-ren bitartez, 20 erakunde bazkiderekin elkarlanean. Euskadik datozen urteotarako duen klimaren aldeko ekintzarako proiektu nagusia da, eta 6 urtez egingo da, 19,8 milioi euroko inbertsioaren bidez eta 40 ekintza zehatz hedatzen.
LORRAk bi lan-saiotan parte hartu du proiektu horren esparruan, hain zuzen, lehen sektorearen ikuspegia ezagutarazteko. IHOBEk-Eusko Jaurlaritzak antolatu ditu saioak, 2025erako Ekintza Plana garatzera bideratuta, Euskadiko klima-aldaketari dagokionez herritarren ahalduntzea jorratzeko. Saio horretan parte hartu zutenek euskal gizartea ingurumenaren aldeko ohitura eta jokabideen aldaketarantz geldiarazten edo bultzatzen duten oztopoak, beharrak, motibazioak eta portaerak identifikatu zituzten.
Life Urban Klima 2050
KLIMA 2050 – 2050erako Klima Aldaketaren Euskadiko Estrategiak bi helburu ditu. Lehena berotegi-efektuko gasen isuriak gutxitzearekin eta energia berriztagarriaren kontsumoa handitzearekin lotuta dago. Bigarrenak, klima-aldaketara egokitzearekin lotutakoak, euskal lurraldea klima-aldaketarekiko erresilientzia ziurtatzea proposatzen du, urteetan zehar gertatuko diren aldaketetara egokituz –hain zuzen Urban Klima 2050 proiektuaren helburu nagusia dena.
Life Urban Klima 2050 proiektuan taxutu diren ekintza guztiak Klima Aldaketaren Euskadiko Estrategiaren bederatzi helburuei buruz ari dira: karbono gutxiko energia-eredua, isuririk gabeko garraioa, lurraldearen efizientzia eta erresilientzia areagotzea, natura-ingurunearen erresilientzia areagotzea, lehen sektorean erresilientzia areagotzea eta isuriak gutxitzea, hiri-hondakinak murriztea eta tratamendurik gabeko zero isurketa, arriskuei aurrea hartzea, berrikuntza bultzatzea eta euskal administrazio publiko arduratsua.