Bizkaiko sagardo-denboraldia inauguratu da Amorebieta-Etxanoko La Revelía jatetxeko sukaldari Fernando González aurtenko izar-enbaxadore gisa izendatuta. Berak eman dio hasiera lurraldeko txotx denboraldiari.
Aurkezpen-ekitaldia Amorebieta-Etxanoko Uxarte sagardotegian egin da, Montorra auzoan dagoen eta 400 urte baino gehiagoko historia duen baserri batean. Ekitaldian Bizkaiko Foru Aldundiaren ordezkari gisa Nekazaritzako Zuzendari Nagusia Andoni Agirrebeitia izan da; Eusko Jaurlaritzatik Elikagaien Kalitate eta Sustapenerako zuzendaria, Nora Beltran de Otálora; baita Amorebieta-Etxanoko alkatea, Ainhoa Salterain; Bizkaiko Sagardo Ekoizle eta Egileen Elkarteko presidentea, Jose Antonio Zamalloa; baita sektoreko ekoizleak, hornitzaileak eta bestelako eragileak ere.
Bizkaiko sagardoa kontsumitzeko prest dago jada, lurraldeko sagardo-denboraldiaren hasieran egiaztatu ahal izan den bezala. 2025eko uztak Bizkaian 98.500 litro sagardo natural ekoiztea ekarri du. Aurtengo Bizkaiko sagardoa azken urteetako onenetakoa da, bai kantitateari dagokionez, bai kalitateari dagokionez. Bizkaiko Sagardogileen Elkartetik bertako sagarrarekin egindako produktuaren aldeko konpromisoari eusten diote, eta lanean jarraitzen dute bezeroei ezaugarri bereziak dituen sagardoa eskaintzeko, baita sagardo berriak sortzeko ere.
Bizkaiko sagardo-denboraldia ofizialki inauguratu da, eta aurten Fernando González da Bizkaiko Sagardoaren enbaxadorea, gastronomiaren, lurraldearen eta tokiko produktuaren arteko lotura estua balioan jartzen duen hautaketa. Amorebieta-Etxanoko La Revelía jatetxeko sukaldaria, Fernando Gonzálezek ingurunearekiko errespetuan, ekoizleekiko hurbiltasunean eta sasoiko eta km 0 produktuen defentsan oinarritutako proposamen gastronomikoa garatu du. Sukaldaritza ulertzeko duen modu zintzo eta konprometituak lurraldeko gastronomia panoramako figura nabarmenetako bat bihurtu du. 2025ean, bere lana Michelin izarrarekin aitortu da, tokikotik abiatuta bikaintasunaren alde egindako apustua sendotuz.

Filosofia hori modu naturalean lotzen da Bizkaiko Sagardoarekin, lurraldeko sei sagardogileren ahalegin bateratuaren emaitza den produktua, %100 bertako sagarrarekin egina. Fernando González enbaxadore izendatzeak balio berak partekatzen dituzten bi proiekturen arteko sintonia sinbolizatzen du: hurbiltasuna, jatorriarekiko konpromisoa, produktua posible egiten duten pertsonekiko errespetua eta Bizkaian errotutako eredu jasangarri baten aldeko apustua. Enbaxadore gisa, Fernando Gonzálezek Bizkaiko Sagardoaren izena eta balioak ordezkatu eta zabaltzeko ardura izango du, haren proiekzioa eta aitortza indartuz eta kalitatezko gastronomiaren eta lurraldeko produktuen arteko lotura sendotuz.
Jose Antonio Zamalloak berak eman dio Fernando Gonzálezi Sagardo Laguna, horrela, aurtengo denboraldiko Bizkaiko sagardoaren enbaxadore bihurtuz.
Egia esan, Bizkaia ez da sagardo-denboraldirik gabe geratu aurten ere, sei ekoizle eta elaboratzaileen ahaleginari eta ilusioari esker; urte osoan lanean aritzen dira urtarrilean kalitatezko produktua eskaintzeko, etengabe eboluzionatzen jarraitzen duen sagardoa, gero eta kontsumitzaile leial gehiago erakartzeko.
Sagardoaren ezaugarriak
Aurten sagardoa ugari iritsi da kupelara, guztira 98.500 litro ekoiztuta. Horri esker, ekoizleek fruta-bolumen handiagoarekin lan egin ahal izan dute, betiere Bizkaiko sagardoaren bereizgarri diren hautaketa- eta jatorri-irizpideak mantenduta.
Gaur egun, Bizkaiko Frutizainen Elkarteak, BIALKAk, 75 hektareatan banatutako 40 ustiategi ditu, eta horrek Bizkaiko Sagardoarekin elkarlanean aritzea ahalbidetzen du.
Sagarraren kalitatea oso ona izan da, heltze-maila optimoarekin eta fruituaren osasun-egoera onarekin. Baldintza horiek hartzidura orekatua ahalbidetu dute, eta ondorioz, hilabeteetan zehar eboluzionatuko duten sagardoak lortu dira. Heltze-puntu ezberdinetan dauden sagardoak aurkituko ditugu; hori, normalean, sagar-urte on baten adierazle izaten da. “Sagardoa ona izan behar da neguan zein udan kontsumitzeko”, azpimarratu du Bizkaiko sagardogileen presidenteak, Jose Antonio Zamalloak.

Ikuspegi sentsorialetik, aurtengo sagardoek kolore argiagoa dute, freskotasuna, ahoan oreka eta intentsitate aromatiko atsegina nabarmentzen dira, profil frutatsu garbi eta zehaztuekin. Azidotasun integratua dute, bizitasuna eta edangarritasuna ematen diena, %6,2ko graduazioa eta gorputz orekatua, irisgarri eta moldakorra bihurtzen dituena. Sagardo honek sagastietan eta sagardotegietan egindako lan onaren isla da, ahalegin bateratuaren emaitza, eta %100 bertako sagarrarekin egindako produktu baten balioa azpimarratzen du, bere jatorriari, nortasunari eta lurraldearekiko hurbiltasun eta konpromisoaren filosofiari leiala. “Sagardo-zaleek maila handiko produktua dastatuko dute”, adierazi du Zamalloak.
Sagardo-denboraldiko unerik adierazgarrienetako bat izaten jarraitzen du txotxean sagardo berria dastatzeak. Halaber, botilan kontsumitzeak sagardoa urte osoan zehar gozatzeko aukera ematen du. Testuinguru honetan, Bizkaiko sagardogileen presidenteak azpimarratu du beharrezkoa dela eredu jasangarri eta errentagarri baterantz aurrera egitea, bai sagastietan, bai sagardoaren elaborazioan, bai sagardotegien jardueran. Era berean, kontsumitzaileen babesa eta konfiantza funtsezkotzat jo ditu, lurraldeari, tradizioari eta sektorearen etorkizunari lotutako produktu baten alde egiten jarraitzeko.
Berrikuntza eta garapena
Berrikuntzaren arloan, lanean jarraitzen da sagardo mota desberdinak lantzen, hala nola izotz-sagardoa eta graduazio handiko sagardoa. Elaborazio hauek bai Bizkaiko Foru Aldundiak Zallan duen upategi esperimentalean, bai Amorebieta-Etxanoko Uxarte upategian egiten dira.
Izotz-sagardoa, %11ko graduazioarekin, izoztutako sagarren muztio kontzentratuaren hartziduratik lortzen den edaria da. Prozesuan sagar-zukua izotza duen bitartean erauzten da, eta horrek azukre- eta aroma-kontzentrazio handiko likidoa lortzea ahalbidetzen du.

Graduazio handiko sagardo naturala lehorra da, pixka bat mingotsa, eta usain txigortuak ditu. Izotz Sagardoa egiteko prozesutik sortzen da, eta prozesu horretan aprobetxatzen den muztioaren zati batekin graduazio handiko sagardoa lortzen da. Haritz-upel batean hartzitua da, eta horrek konplexutasuna, egitura eta izaera ematen dizkio. “Mundu mailan ez dut antzeko produkturik aurkitu”, azaldu du Zuriarrainek. Txotxean izan diren bertaratuek bi sagardo ezberdin hauek dastatzeko aukera izan dute.
Euskal Sagardoa
Euskadik marka bakarra du, Euskal Sagardoa, Bizkaia, Araba, Gipuzkoa, Nafarroa eta Iparraldeko produktua batzen dituena. Sagardo-denboraldi berriaren aurkezpena urtarrilaren 9an egin zen Donostian. “Euskal Sagardoa Jatorri Deiturak 2025eko uzta itxi du 3 milioi litro inguruko ekoizpenarekin, %100 bertako sagarrarekin egindakoa, kalitate-figura honi atxikitako 46 sagardotegietatik”, azaldu zuen Unai Agirre, Euskal Sagardoako koordinatzaileak, denboraldiaren hasieran.
Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako sagar-ekoizle eta sagardogileek, Nafarroakoek eta Iparraldekoek MALUS BAT izeneko proiektuan parte hartzen dute gaur egun, sagarraren eta sagardoaren sektorea indartzera bideratutako ekimena. Ekintza-plan honen ardatz nagusia sagarraren ekoizpenaren eta sagardoaren elaborazioaren arteko oreka da, sektorearen jasangarritasuna bermatzeko eta, aldi berean, kalitate handiko lehengaia ziurtatzeko, bikaintasunezko sagardoak egiteko ezinbestekoa den oinarria. Helburu hori lortzeko, hainbat eragileren inplikazioa du proiektuak.
Sagardo-denboraldia une bereziki garrantzitsua da bai kontsumitzaileentzat, bai sagardogileentzat, sagardo berria aurkezteko eta haren ezaugarriak azaltzeko aukera ematen duelako. Erabilitako sagar-motaren, sagastiaren kokapenaren eta sagardotegiaren arabera, sagardoak ezaugarri eta ñabardura desberdinak ditu. Aukera paregabea da upategia, sagardogileen lana eta sagardoa, oro har, ezagutarazteko.
GORA BIZKAIKO SAGARDOA !
www.bizkakosagardoa. eus