LORRA LABORAL KUTXA IX. SARIEK lehen sektorea eraldatzen eta hurbileko eta kalitate goreneko elikagaiak bermatzen dituzten proiektuak aintzat hartu dituzte.

LORRA LABORAL KUTXA IX. SARIAK banatzeko ekitaldiak Bizkaiko lehen sektorea bizitzen ari den eraldaketan jarri du arreta. Hala, sariek modernizazioaren eredu diren eta lurraldean lehen mailako 0 Km produktuen hornidura indartzen duten eta jarraitu beharreko norabidea markatzen duten hamar ustiategi saritu dituzte.
Sariek, 2015ean sortu zirenetik, jatorrizko helburua bete dute urtez urte: LORRA eta Laboral Kutxaren elkarte-inguruneko ustiategien eraldaketa teknologikoa eta profesionalizazioa bultzatzea, eta, horretarako, kaudimen teknikoagatik, kudeaketa ekonomikoagatik eta baliabideen kudeaketa jasangarrira bideratutako ekoizpen-metodoengatik nabarmentzen direnak saritzea.
Izan ere, bereizgarri horrek xedatzen du LORRA LABORAL KUTXA Sarien izaera; hala, epaimahai espezializatu batek ustiategi finalistak bisitatzen ditu, hainbat parametroren arabera ebaluatzen ditu eta sektoreko bikaintasunaren erakusgarri direnak aukeratzen ditu edizio bakoitzean.
Sariak banatzeko ekitaldia sendotu egin da, halaber, Bizkaiko nekazaritzako elikagaien sektorearen Gabonetako ospakizun gisa eta sektoreari eusten diotenen lanaren jendaurreko aintzatespen gisa. Beste behin ere, Bilboko Carlton hotelera bertaratu dira 200 pertsona inguru: agintariak, elkarteak, kooperatibak, profesionalak eta sektorearekin lotutako erakundeak.
Besteak beste, hauek bertaratu dira: Bizkaiko ahaldun nagusi Elixabete Etxanobe, Ingurune Naturala eta Nekazaritza sustatzeko Saileko foru-diputatu Arantza Atutxa, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Abeltzaintza zuzendari Oneka Zaballa, Nekazaritza eta Abeltzaintza Saileko foru-diputatu Andoni Agirrebeitia eta Eusko Jaurlaritzako proiektu estrategikoen aholkulari Jorge Garbisu. Horiekin batera, hauek ere izan dira: Andoni Bringas, Ioritz Otadui eta Alvaro Parro, Laboral Kutxaren Euskadiko eta Bizkaiko nekazaritzako elikagaien ataleko arduradunak, hurrenez hurren, eta Juan Luis Irazola, LORRAko presidentea.
Arratsaldean ikusmin handia sortu dute bost ataletan banatu diren 10 sariek. Hauek saritu dira: 8 ustiategi bikain, irabazle bat eta finalista bi, Abeltzaintza eta Nekazaritza sailetan, eta irabazle bat eta finalista bat, Ekintzaileak–Gaztenek atalean. Era berean, Ekinaren Ekinez Saria eman zaio emakume nekazari bati bere jardunbidea aintzat hartzeko, eta Landaren Alde Saria, Bizkaiko lehen sektorearen alde egindako lanagatik nabarmendu den pertsona edo erakunde bati.
Ustiategi bikain saridunak
Ustiategi saritu guzti-guztiek badituzte Bizkaiko nekazaritzako elikagaien sektorearen etorkizunerako erreferente izateko ezaugarriak, hala nola, jakintza tradizionalak eta teknika berritzaileak uztartzeko gaitasuna; ekoizpen-eredu jasangarri, ekologiko edo birsortzaileen aldeko apustua; prozesuen profesionalizazioa eta dibertsifikazioa; hurbileko merkaturatzea eta herritarrekiko harreman zuzena; eta, batez ere, elikagai bikainak bermatzen dituen eta landa-inguruneko sare sozioekonomikoa bizirik mantentzen duen ereduarekiko konpromisoa.
Abeltzaintza atalean, Nanike ustiategia suertatu da irabazle. Jakelin Txertudi eta Fermín Urizar senar-emazteek kudeatzen dute, Kortezubin. Duela 17 urtetik gaurdaino, Eusko Labeleko behikiz eta beste nekazaritza-produktu batzuez hornitzen dute beren ingurunea, eta familiaren baserrian eta hainbat azokatan merkaturatzen dituzte.
Finalistak hauek izan dira: alde batetik, Kortezubiko Olosaba baserria, non, Anartz Uribek behikia eta txerrikia ekoizten dituen, eredu ekologiko baten arabera, eta zuzenean online eta dendan merkaturatzen ditu. Era berean, jarduera hori eta baserrirako bisitak bateratzen ditu. Bestetik, Arrietako Iturbe Anaiak proiektua, haragitarako behien familia-ustiategia, José, Jesús eta Alberto Iturbe anaiek Montserrat Ordorikarekin batera zuzentzen dutena; genetika hobetzeko sari nabarmenak ditu ustiategiak gainera.
Nekazaritza atalean, lehen saria Luramak Bio proiektuarentzat izan da. Gamizko proiektu hori Nerea Irazabalek eta Yulia Razumovek zuzentzen dute, eta haientzat bizitza ikuskera bat ere bada proiektua. Beren finka ekologiko birsortzaile eta holistikoak intxaurrak, basoko fruituak, frutak, ahuakateak eta barazkiak ekoizten ditu, eta hazi-banku propioagatik eta kontzientziazio-lanagatik nabarmentzen da.
Finalistak hauek izan dira: alde batetik, Lapikote Baserria, Kortezubikoa, familiaren bigarren belaunaldiko Txomin eta Arkaitz Bilbaok zuzentzen dutena. Tomatea da produktu nagusia, beste produktu batzuez gain, eta beti ekoizpen jasangarria du gidari. Bestetik, Kiwilur, Arratzuko ustiategia, Asier Madariagak zuzendutakoa. Euskadiko kiwi-plantaziorik zaharrena da, eta pestizidarik gabe eta borroka biologikoarekin hazten ditu hainbat produktu ziurtatu. Ikasleentzako hezkuntza-proiektu batean parte hartzen du.
Ekintzaileak-Gaztenek atalean, lehen saria Asier Hormaetxeren Hormakobe proiektuarentzat izan da (Amorebieta-Etxano). Horrek Etxano baserriaren tradizioarekin jarraitzen du: haragitarako behien ustiapen ekologikoa, zuzenean merkaturatzen dena. Finalista izan da Sebastian Joel Berteroren Arriondo hegazti-ustiategia. Argentinatik etorria zen Bizkaira, 2015ean, errugbian jokatzeko, eta, gaur egun, Eusko Label ziurtagiridun arrautzak ekoizten ditu.
Ekinaren Ekinez Sariak Lemoizko baratzezain Milagros Lasaren jardunbidea aintzat hartu du. Bizitza osoan zehar jardun du Ugartemendi baserrian, indabak, porruak, lekak, zerbak eta beste produktu batzuk hazten eta merkaturatzen. 2015ean erretiratua, egun, alabak arduratzen dira negozioaz, baina Milagrosek oraindik ez du begien bistatik galdu, odolean baitarama.
Azkenik, Landaren Alde Saria Azul Tejerina kazetariari eman diote, Cadena SEReko Radio Bilbao irratiko “Hoy por Hoy” irratsaioaren zuzendari denari, 2022tik uhinetan lehen sektorearen errealitatea “Tierra y Mar, primer eslabón” atalaren bidez zabaltzen laguntzeagatik.
Ekitaldiari amaiera emateko, sektore osoaren ahaleginari eta profesionaltasunari omenaldi kolektiboa egin zaio, lan isil hori funtsezkoa baita Bizkaian.
USTIATEGIEI BURUZKO INFORMAZIO GEHIGARRIA
NANIKE – Abeltzaintza ataleko lehenengo saria

Nanike ustiategia Jaquelin Txertudi eta Fermín Urizar senar-emazteek zuzentzen dute. Duela 17 urtetik, haragitarako behi-aziendaren ustiategi bat dute eta, horren osagarri, indabak eta beste nekazaritza-labore batzuk ekoizten dituzte. Ustiategia Kortezubin dago.
Familiaren baserrian bertan daude salgai produktuak, eta azoketan ere saltzen dituzte, hala nola Eusko Label okela, Gernikako indabak, kalabazak, piper txorizeroak eta intxaurrak.
Bi pabilioi dituzte haragitarako behiak ukuiluratzeko eta maneiatzeko, baita ongizate eta kalitate baldintza onetan abereak hazteko ere. Urtero 50 txahal inguru gizentzen dira saltzeko, bai zuzenean, bai merkaturatze-kooperatiba baten bidez.
Busturialdeko nekazaritza-azaleraren kudeaketagatik nabarmentzen da ustiategia: bazka-artoaren laborantzarako 15 hektarea inguru eta abereentzako belar-bazkarako beste 80 hektarea ditu. Gainera, 1,5 hektareako nekazaritza-ekoizpena du abeltzaintza-jarduera osatzeko. 2025ean, txekorrak beren instalazioetan eraldatzen hasi dira, lantegi propio bat eraiki berri baitute.
OLOSABA BASERRIA – Abeltzaintza ataleko finalista

Olosaba Baserria Anartz Uribek zuzentzen du. Kortezubin dago. Familiako abeltzaintza-ustiategi txiki bat da eta Limousine arrazako abelburuak eta abeltzaintza estentsiboko txerriak hazten ditu, ekoizpen ekologikoko eredu baten arabera.
Azienda bertoko larreetan hazten dute, eta haragia “baserritik mahaira” saltzen dute zuzenean, web-orriaren bidez eta baserriko dendan. Gainera, baserrian bisitak egiten dituzte euren jarduera eta produktuak ezagutzera emateko.
2015etik, kalitate bikainaren eta hobekuntza genetikoaren aldeko apustua egiten dute, eta beren lurretan karta genealogikodun abelburuak “nahierara” hazten dituzte, zeinak transgenikorik gabeko larre eta pentsu naturalez soilik elikatzen dituzten. Behiek libreki bazkatzen dute urtearen zati handi batean beren lurretan, eta ukuiluratuta daudenean, bazka eta pentsu guztiz naturalak jaten dituzte. Olosaba txerriak abeltzaintza estentsiboan hazten dira, lursail handi batean, haritzen eta gaztainondoen artean, eta zerealez eta baserrian bildutako produktuez elikatzen dira.
ITURBE ANAIAK ABELTZAINTZA – Abeltzaintza ataleko finalista

Blonda arrazako haragitarako behien ustiapena José, Jesús eta Alberto Iturbek zuzentzen dute, Montserrat Ordorikarekin batera. Arrieta udalerrian dago.
Okelaren ekoizpena Gernikan kokatutako eta beste hiru anai-arrebek -Fermín, Jon eta Begoña- kudeatutako bi harategitan saltzen da, merkaturatzearen zikloa ixteko.
Haragi-ekoizpenaz gain, hazitarako animaliak eta beste bizi-animalia batzuk saltzeko hobekuntza genetikoagatik nabarmentzen da ustiategia; izan ere, bere jardunbidean zehar, abeltzaintza-lehiaketetan sari ugari irabazi ditu.
Abeltzaintza-ustiategian 80 behi heldu daude eta 50 behi hazten dira, ongizate eta higiene oso baldintza onetan. Urtean 100 abelburu inguru gizentzen dituzte haragitarako. 45 hektareako nekazaritza-azalera dute larreetarako eta abelburuak elikatzeko beste bazka batzuetarako.
LURAMAK BIO – Nekazaritza ataleko lehenengo saria

Nerea Irazabalek eta Yulia Razumovek Luramak Bio proiektua zuzentzen dute: 6 hektareako finka ekologiko birsortzaile eta holistikoa. Naturaren eta elikadura kontzientearen arteko sinergia sortzea erabaki zuten bi emakume horiek gidatzen dute. Labore ekologikoen finka bat ez ezik, bizi-filosofia bat ere bada.
Intxaurrak, basoko fruituak, frutak, ahuakateak eta barazkiak ekoizten eta merkatuetan eta azoketan saltzen dituzte, saskietan, eskatu ahala, baita produktu ekologikoetan espezializatutako dendetan ere.
Proiektua berezia da, besteak beste, hazi ekologikoen banku propio bat sortu dutelako, beren laborantza-kanpaina propioa sortzeko eta kalitate goreneko kontserbak egiteko aukera ematen diena, antzinako errezeten bidez, hori guztia zigilu ekologikoarekin.
Ekoizpenaz gain, proiektuaren eginkizun garrantzitsu bat lehen sektorearen eta ingurumenaren zaintzaren arteko sinergiaz kontzientziatzea da. Bisiten bidez jendearengana hurbiltzeko apustua egiten dute, eta beren jakintza beste herrialde batzuetako (hala nola Peru, Bogota, Kolonbia, El Salvador eta Ekuador) lehen sektoreko ekintzaile eta langileekin partekatzearen alde egiten dute.
LAPIKOTE – Nekazaritza ataleko finalista

Lapikote nekazaritza-ustiategia Txomin Bilbaok eta Arkaitz Bilbaok osatutako familia-enpresa da. Urdaibaiko biosferan dago. 1984an sortu zuten haien guraso Mila Ozamizek eta Txomin Bilbaok, nahiz eta aurretik Ozamiz Zabalatarrak Lapikote baserrian nekazaritzan aritu izan ziren. Ustiategiak belaunaldi-erreleboa gainditu du, eta gaur egun bigarren belaunaldiak kudeatzen du negozioa.
Lapikoten era askotako eta urtaroko produktuak landatzen dira, bereziki tomatea (horixe da produktu nagusia), Gernikako piperra eta porrua, baita uraza, Ibarrako pipermina, zerba, alberjinia eta kiwia ere. Bertoko produktuak gertuko eremuetan merkaturatzen dira, 0 Km ekoizpen-helburuarekin: dendetan, tabernetan eta jatetxeetan, azoketan eta supermerkatuetan.
Ustiategia hazi egin da denboraren poderioz eta, hala, baliabideak eta instalazioak hobetu, ekoizpena handitu eta inguruan lanpostu berriak sortu ditu. 43.000 m² ditu.
Nekazaritza-ekoizpen jasangarria bultzatzea du helburu, 0 Km ekoizpena sendotzeko eta tokiko ekonomia indartzeko.
KIWILUR – Nekazaritza ataleko finalista

Kiwilur Asier Madariagak zuzentzen du baratze- eta fruta-ustiategi familiar hori, Victoriano eta Garbiñe gurasoekin batera. Arratzun dago, eta 30 urtetik gorako jardunbidea du.
100 tona kiwi baino gehiago ekoizten dituzte, eta Euskadiko plantaziorik zaharrena da, 40 urtetik gorako jardunbidea baitu. Piper txorizeroa, Gernikako piperra, Ibarrako pipermina, zerba eta kuiatxoa ere landatzen ditu, besteak beste, eta barazki- eta fruta-zentral baten bidez merkaturatzen du ekoiztutakoa.
Bertoko produktu guztiak laborantza tradizionala bermatzen duten ziurtagiriak dituzte, borroka biologikoaz baliatzen da eta ekoizpen integratu eta globaleko auditoriak gainditzen ditu: Eusko Label, Euskal Baserri, ekoizpen integratua, Global Gap eta Global Grass.
Ustiategiak 5.000 m2 negutegi ditu, 3 hektarea kanpoko nekazaritza-baratz eta 7 hektarea kiwi; guztiak, egitura eta ureztatze-sistema modernoez hornituta. Gaur egun, “kiwiaren moria” dela eta, bertoko instalazioak berregituratzen hasi da, eta berotegi berriak ezarri dira.
Eusko Jaurlaritzak eta HAZI Fundazioak ikastolentzat tokiko produktua eta 0 Km produktua babestu eta sustatzeko sortu duten “Nekazariak Ikastolan” proiektuan parte hartzen du.
HORMAKOBE – Ekintzaileak-Gaztenek ataleko lehenengo saria

Homakobeko burua Iker Hormaetxe Kobeaga da. Juan Luis Hormaetxe eta Konsuelo Kobeaga gurasoen abeltzaintza-lanbidearekin jarraitu du, Amorebieta-Etxanoko eta Urduñako ustiategietan.
Ekoizpen ekologikoaren arabera haragitarako behi-aziendan diharduen Granja Etxano sartu da familia-ustiategian; baserrian bertan zuzenean saltzen dute haragia. Amorebieta-Etxanon ez ezik, Pirinioetako arrazako behi-aziendaren ekoizpena ere badute Urduñan: 65 abelburu eta 42 hektarea inguru, txandakako artzaintzarako eta bazka lortzeko.
Bi ustiategietan Olaia arrebarekin batera egiten du lan.
ARRIONDO – Ekintzaileak-Gaztenek ataleko finalista

Errigoitiko Arriondo hegazti-ustiategiaren titularra Sebastian Joel Bertero da. 2015eko abuztuan iritsi zen Bizkaira, Mar del Platatik (Argentina) Gernika Errugbi Taldean errugbian jokatzera.
Uste izan zuen hilabete batzuetarako zetorrela, baina lau urte eman zituen hain gogoko zuen kirolean jokatzen, zailtasunez beteta, ordea; hortaz, jokatzeari uztea erabaki zuen etorkizun hobe baten bila. Bilaketa horretan, nekazaritzaren munduan trebatzen hasi zen, eta hegazti-hazkuntzaren ideia sortu zen.
Animalien ongizatea, ingurumena eta jasangarritasuna zainduta abeltzain xumeak baserritik duintasunez bizi daitezen lan egiten duen kooperatiba bat aurkitu zuen. Eta horren misioak eta balioek proiektuari ekiteko inspirazioa eman zioten.
Gaur egun, ustiategian 6.000 landako oilo daude, pentsuz elikatzen direnak, eta 2.5 hektareako lursaila, non olioek egunero bazkatzen duten. Olioen arrautzek Eusko Label ziurtagiria dute, kooperatibak biltzen ditu, eta haien osasun-kontrolaz, ontziratzeaz eta merkaturatzeaz arduratzen da.
MILAGROS LASA – Ekinaren Ekinez saria

Lemoizko Ugartemendi baserrian nekazaritzan eta abeltzaintzan aritzen den familia batean jaio zen Milagros Lasa, eta, hortaz, odolean darama lanbidea. Txiki-txikitatik laguntzen zien gurasoei baserriko eguneroko zereginetan, eta 12 urte zituela, eskolara joateari utzi behar izan zion etxean lan egiteko eta diruz laguntzeko. 20 urte zituela, bazuen saltoki bat Portugaleteko azokan, eta astero saltzen zituen bere baratzeko produktuak: indabak, porruak, lekak eta zerbak, besteak beste.
Ezkondu ondoren, negozioa handitu zuen, eta negutegi handiago bat sortu zuen, ekoizpen handiagoa lortzeko, eta Mercabibaoko saltoki batean saltzen hasi zen. Geroago, kooperatibara eramaten zuen bere produktua.
Hainbat urtez, nekazaritza eta beste jarduera batzuk uztartu zituen, eta 2000. urtean, bi alabarekin batera, negutegi gehiago instalatu zituen eta BM supermerkatu-katearen zuzeneko hornitzaile bihurtu zen. Harrezkeroztik, nekazaritza-produkzioan bakarrik jardun zuen, 2015. urtean erretiroa hartu zuen arte. Egun, alabak arduratzen dira negozioaz, baina Milak ez du inoiz begien bistatik galtzen, bere DNAren parte baita.
AZUL TEJERINA – Landaren Alde saria

Kazetari gailena denak, Cadena SEReko Radio Bilbao irratiko eta entzuleriaren lider den “Hoy por Hoy Bilbao-Bizkaia” irratsaioaren zuzendariak, leku nabarmena eman dio Bizkaiko lehen sektoreari uhinetan.
Irratsaio hartan, Bizkaiko gaurkotasuna zundatzeaz arduratzen da, eta hainbat gai ditu hizpide: tokiko politika, hirigintza, ekonomia eta ekitaldi aipagarriak, besteak beste. Interes goreneko esparru horretan, 2022an “Tierra y Mar, primer eslabón” atala sortu zuen, herritarrei, prime time-n, nekazaritzako elikagaien sektoreko profesionalen errealitatea ezagutarazteko: beldurrak eta arazoak, ametsak eta irrikak… Bizkaiko lehen sektoreak, LORRAn ordezkatuta dagoenak, sari horrekin hiru urteotan egindako lan guztia aintzat hartu nahi izan du.