Euskadi Irratiko Lur Bizia irratsaioak elkarrizketa egin dio Juan Luis Irazolari, nekazaritza eta abeltzaintzako zerbitzuak ematen dituen gure erakundeko presidenteari, lehen eskutik ezagutzeko artezkaritza-kontseiluaren jarduketa-ildoak eta hark sektoreaz duen ikuspegia.
Elkarrizketaren hasieran, presidenteak azpimarratu nahi izan du bere lehen mintzaldi publikoa sektoreak Bilbon egindako kontzentrazioaren egun berean egin izana adierazgarria dela. Hain zuzen ere, urtarrilaren 21ean izan zen Bizkaiko nekazari eta abeltzainen interesen aldeko kale-agerraldia, ekoizpen-kostuak nabarmen handitu direla ezagutarazteko egin zena. Juan Luis Irazolak elkarretaratzearen helburuetako bat “batasuna badagoela ikustaraztea” dela adierazi du.
Izan ere, LORRAko presidentea honetaz mintzatu zen: “gizartea eta administrazioa bera kontzientziatu behar dira sektoreko profesionalok igarotzen ari garen egoera latzaz”, eta erakundea kontzentrazioarekin bat egin zuela adierazi zuen, “administrazioari eta gizarteari jakinarazteko bidezko prezioak erreklamatzen eta behar ditugula nekazaritzako, abeltzaintzako eta basogintzako askotariko produktu guztientzat”. Halaber, “elikatze-katearen lege berria aplikatzea, gure ekoizpen-kostuen gainetik dauden prezioengatiko diru-sarrerak bermatuko dizkiguna” eskatu zuen, baita “erakundeen aitzatespen handiagoa gure sektoreko profesionalok eta ez-profesionalok egiten ari garen lanagatik”. Era berean, hau adierazi zuen: “funtsezkoak izaten jarraitzen dugu elikagaiez hornitzeko eta Bizkaiko gizarte-, ingurumen- eta ekonomia-iraunkortasuna bermatzeko.”
Elkarrizketan, sektorearen egoera larria gogorarazi du, “ustiategietan tristura itzela” igartzen dela eta kostu handien eraginez negozio asko ixten ari dela ere.
Sektorearen interesak defendatze aldera, presidenteak agerian utzi nahi izan du artezkaritza-kontseiluan Bizkaiko nekazaritzako elikagaien sektoreko jarduera eta ikuspegi guztiak daudela ordezkatuta; izan ere, emakumeen eta gizonen lehen kontseilu parekidea da eta bizigarria sartu da LORRAren ekimena areagotzeko. Era berean, erakundeak egiten duen lana ere izan da hizpide, profesionalei aholkularitza teknikoa, fiskala eta kudeaketakoa ematen baitizkie, eta esperientzia ugaria duenez, ohiko izapideak eta kudeaketak egiten laguntzen baitie, bai eta era guztietako zalantzak eta beharrak argitzen eta konpontzen ere.