TVE “Aquí la Tierra”
Bizkaian lehen sektoreko profesionalek egiten duten lana erakusteko asmoz, Lorran aurrea hartu eta aktiboki parte hartu nahi dugu haien esperientziak zabaltzen eta komunikabideetan —programak, atalak, etab.— ikusarazten, balio handiko istorioak dituztelako. Lan horrek bere fruituak eman ditu, duela gutxi gurean izan baikenuen TVEko “Aquí la Tierra” programako lantaldea, bi ustiapen hauen egunerokoa jasotzeko: Barrenetxe S.COOP. eta Ekobaserri – Gorbea Karakolak.
Programako lantaldeak Barrenetxe kooperatibaren barruan dagoen Butrón ustiapenean egin du “asteko erosketa”, baratzetik zuzenean, eta negutegietan lantzen diren eta www.barrenetxe.com. bidez merkaturatzen diren sasoiko produktuekin bete du “orga”. Beste espezialitate batzuen artean, Gernikako piper berdea eta zerbitzatzeko prest dauden piper erreak—zaporea baratzetik platerera eramaten duen produktu berria—dastatu dituzte. Joseba Etxebarria eta Ioana Tello gidari-lanetan ibili dira eta Bizkaian oso garrantzitsua den ustiapen baten esperientzia ezagutzera eman dute. Ustiapen hori izan da Lorra – Laboral Kutxa Sarien azken edizioko nekazaritzaren ataleko enpresa saritua. Baratze-frutazaintzaren sektoreko kooperatiba bereizi bat da; bertan, bazkideak aldi berean dira langileak eta jabeak. Bizkaiko 5 herritan barazkiak laboratzen dituzten 22 baratzezain biltzen ditu, eta urtero batez beste 50 lanpostu berri sortzen ditu.
TVEko lantaldea Ioana Lararen ustiapenean ere izan da, Erandion. Horixe da baserritar berriak sektorearekin bat egiten ari diren adibide argietako bat. Ioanak azaldu die nola den posible Arte Ederretan lizentziatu eta barraskilo-landetxe bat edukitzen eta lurra lantzen amaitu izatea. Izan ere, harena oso istorio bitxia da. Zapata-denda batean lan egiten zuen, eta amatasuneko bajan zegoela jakin zuen negozioa itxi egin behar zutela; horregatik, hartu zuen lehenengo erabakia egoera aprobetxatzea eta haren hirukoak zaintzeko dena ematea izan zen. Eta berriro lanean hastea pentsatu zuenean zer norabide hartu planteatu zuen, eta orduan bururatu zitzaion laborantzarekiko zuen zaletasuna lanbide bihurtzea, amak “lur-eremu txiki bat” zuela aprobetxatuz. Lehenengo ideia landan barraskiloak bildu eta dendetan eta tabernetan saltzea izan zen, eta hortik sortu zen gaur egun duen barraskiloen landetxea, barraskiloak hazi, gizendu eta Gorbea Karakolak markaren pean merkaturatzen dituen tokia. Haren bizitza-aldaketari buruzko pasadizoak eta esperientzia kontatu bitartean, Ioanak baratze ekologikoa, negutegia eta oiloak ere erakutsi dizkio lantaldeari.
Aquí la Tierra programa astelehenetik ostiralera ematen dute TV1en. Naturari eta meteorologiari buruzko programa bat da, eta garrantzia handia ematen diete eskualde ezberdinetako landa-munduari eta gastronomiari. Laster emango dituzte bi erreportajeak. Adi egongo gara.