LABORAL KUTXA-LORRA sariak banatu dituzte
Atzo ospatu zen Bizkaiko lehen sektorearen urteroko festa. Bilboko Carlton Hotelean egin zen LORRAk eta LABORAL KUTXAk antolatutako III. Nekazaritza Ustiapen Lehiaketaren sari-banaketa. Lehiaketa honek LORRAren mugimendu asoziatiboari —nekazaritzako elikagaien sektoreko 4.000 ekoizle baino gehiago— eta haren bazkide kolaboratzaileari, Laboral Kutxari, lotutako nekazaritza-ustiapenak saritzea du xede.
Ekitaldian izan dira Unai Rementeria,Bizkaiko zuzendari nagusia, Elena Unzueta, Iraunkortasunaren eta Ingurune Naturalaren foru-diputatua eta Lucia Isla, Nekazaritzako zuzendari nagusia. Eta, haiekin batera, Jon Lekerika, Lorraren lehendakaria eta José Mª Pérez,Laboral Kutxako Espezialisten eta Sustatzaileen Bulegoko zuzendaria. Xabier Lapitz kazetariak zuzendu du ekitaldia, eta Bizkaiko “nekazaritza” munduko elkarte nagusietatik profesional eta ordezkari ugari bildu dira.Bilera enpresarial eta sozial garrantzitsua egin dute.
LABORAL KUTXA-LORRA urteko sariek gure baserrietan egiten den lanaren alderik ezezagunena agerrarazi nahi dute: enpresariala eta espezialista. Izan ere, lehen sektoreak enpresa egonkortuen talde handi bat du. Enpresa horiek beren prozesuak eta kudeaketa modernizatu eta emaitza oso onak lortu dituzte. Haiek dira tokiko ekonomiaren eragile nagusiak. Sari-banaketarekin egunero-egunero lanean diharduten profesional horiei omenaldia egin nahi izan zaie. 12 ustiapen hautatu dira sarietarako, eta epaimahaiak adierazi du horiek guztiak irizpide bat baino gehiago dituztela saria jasotzeko. Gainera, epaimahaiak azpimarratu du “ustiapen guztiek maila handia erakutsi dutela”.
Lehiaketak izaera profesional-tekniko nabaria du, eta horrek hautagaiak diren instalazioen azterketa eta balorazioa egitea inplikatzen du. Hala, epaimahaiak hainbat produkzio-azpisektoreetatik aurkeztu diren 30 bat hautagaietatik 12 ustiapen aurretiaz aukeratu ditu, eta horiek bisitatu eta irizpide orokorren arabera baloratu ditu. Ustiapen horien aurkezpena izan da ekitaldiaren eduki garrantzitsuena, bertan lan egiten duten profesionalak nortzuk diren aditzera emanez eta haien lorpenak eta aurrerapenak azpimarratuz.
Horien artean, 7 sari emango direla iragarri da; bi finalista eta lehenengo saria nekazaritzako jardueraren kategorian; bi finalista eta lehen saria abeltzaintzako jardueraren kategorian, eta “Ekinaren Ekinez Saria” sektorean lan egiten duen emakume baten lanbide-ibilbidea aitortzeko. Nabarmendu behar da ustiapen sarituek maila tekniko eta ekonomiko ona izatez gain baliabideen kudeaketa iraunkor baterako ekoizpen-metodoak erabiltzen dituztela. Beraz, 2017ko Bizkaiko baserritar profesionalenak dira.
Nekazaritzaren atalean, BIKANDI TXAKOLINAri eman diote urteko ustiapenari saria. Haren ardoak makina bat aldiz sarituak izan dira. Hauek izan dira ustiapen finalistak: GORKA IRAZABAL, Gamiz-Fikan duen Goreko ustiapen ekologikoarekin, eta RAUL ROSAS Arrankudiagan duen baratzeko familia-ustiapenarekin.
Abeltzaintzaren atalean, ARTEA SL ABELTZAINTZAK jaso du urteko ustiapenari saria. Artean kokatutako Limusin arrazako behi-aziendaren ustiapen hau Patxi Atutxarena da. Aitzindaria izan zen arraza hori nazioan sartzen, 1970ean. Ustiapen finalistak izan dira JONATHONE TXERTUDI eta SC EL MOLINO. Lehenak, Kortezubin, aitak sortutako frisiar arrazako esne-aziendaren ustiapena darama emaztearekin batera, eta, bigarrenean, Karrantzako Haranean, Felix eta Mikel Aras anaiak haien gurasoek abiarazi zuten frisiar arrazako esne-aziendaren ustiapenaz arduratzen dira.
“Ekinaren Ekinez Sariak” GARBIÑE PORTURASen lanbide-ibilbidea aitortu du. Orain dela 30 urte senarrarekin ekin zion nekazaritza-jarduerari, Arratzun, eta beti egin du apustu askotariko laborantzaren alde, horregatik inbertsioak egin ditu etengabe eta atsedenik hartu gabe aritu da lanean. Erretiratuta badago ere, egunero laguntzen dio haren semeari, duela gutxi familia-ustiapenarekin bat egin duenari.
Ekitaldiari amaiera emateko, sari-banaketaren ostean familia-argazkia atera dute aurten hautatuak izan diren 12 ustiapenen jabeekin. Sarituen zorion-agurraren, eta, batez ere, landako profesional guztien talde-aitorpenaren argazkia.