LORRAren estrategia-ardatzetako bat konpromisoa da, bai kudeaketa-bikaintasunarekin bai etengabeko hobekuntzarekin, eta hamar urtez baino gehiagoz horretan dihardugu, arlo horretan aurrerapausoak eman ditugula bermatzen diguten emaitzak lortuz etengabe.
Duela gutxi lortu dugu azkenekoa, Eusko Jaurlaritzak Euskaliten Kanpo Kontrastearen ostean Kudeaketa Aurreratua eratzen duten elementuak garatzeko ahalegina aitortzen duen Kudeaketa Aurreratuko Diploma. Hauek dira kontrasteak aztertzen dituen 6 elementuak: estrategia, bezeroekin harremana, pertsonekin harremana, gizartearekin harremana, berrikuntza eta emaitzak. Balorazio horren ostean, talde ebaluatzaileak diploma eman digu Kudeaketan bikaintasunaren arloan eman ditugun aurrerapausoengatik, eta norabide horretan jarrai dezagun animatu gaitu.
Diplomak bi urteko iraupena du eta jarraipena ematen die aldez aurretik lortu ditugun ziurtagiriei. Izan ere, urteak daramatzagu bikaintasuna txertatuz gure kudeaketa-tresnetan. Esaterako, 2005ean Bizkaiko Foru Aldundiaren PREMIE aitorpena jaso genuen, 2009an egonkortu zena. Eta, 2011n, “Euskalit” Bikaintasunaren Euskal Fundazioaren bigarren kanpo-kontrastea egin eta gero, Bikaintasunarekin Konpromiso Diploma jaso genuen. Hurrengo urteetan kooperatibaren kudeaketan aurrera egiten jarraitu eta gero, 2013an Kudeaketa Aurreratuaren arloan Bikaintasunarekin Konpromisoa Diploma berritu genuen.
Lorpen berri horri esker, Lorra eratzen dugun guztiok hausnarketaren eta etengabeko hobekuntzaren eta bikaintasunaren bidetik aurrera egiten jarraituko dugu.