behatoki.eus da Euskadiko Elikaduraren eta Zuraren Balio Katearen Behatokiaren tresna berria. Duela hilabete batzuk ezagutzera eman zen, eta horren helburu nagusiak hauek dira: bi sektoreen balio-katearen ekonomi jarduera sendotzea eta, nazioko eta nazioarteko merkatuak aztertuta, joera berriei aurrea hartzea.
Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak sustatzen duen ekimen berria HAZIren bidez garatu da, eta proiektuari beren ezagutza teknologiko zein sektoriala eskaini dioten zenbait erakundek hartu dute parte, besteak beste: Basque Food Cluster, Azti, Neiker, Leartiker, Basque Culinary Center edo Elika. Erakunde horiek proiektuari egiten dioten ekarpenari ad hoc sortutako lantaldeena gehitu behar zaie aztergai jakinetarako.
Ekindako estrategia Euskadiko elikaduraren eta zuraren balio-kateko maila guztiak aztertu eta horien jarraipena egitean datza, erronkei aurrea hartzeko eta merkatu aldakorraren beharretara egokitzeko.
Martxan jarri diren ekimenetako bat Euskadiko Elikadura Sistemaren Enpresa Jardunbide Egokien Kodea da, zeinak kate horretan dihardutenen arteko merkataritza-harremanen oinarri diren printzipioak ezarri dituen. Enpresak borondatez atxiki dakieke kate horri behatoki.eus tresnaren bidez. Kode horrek, halaber, nekazaritzako elikagai bikainak bultzatu nahi ditu, elikagaien segurtasuna eta jasangarritasuna bermatuta, eta kontsumitzaileek nekazaritzako elikagaiei eta elikakatearen funtzionamenduari buruz jasotzen duten informazioa hobetu.
Estatistikak eta informazioa
Gero eta konplexuagoa eta ziurgabeagoa den ingurune batean ezinbestekoa da elikaduraren eta zuraren funtzionamendu, eragile, produktu eta zerbitzuen azterketan eta jarraipenean oinarritutako ezagutza izatea.
Hortaz, behatoki.eus tresnaren helburua da ezagutza hori jakitera ematea zenbait atalen bidez, adibidez, “Estatistikak”, zeinean, besteak beste, ustiategiei, ekoizte-prozesuei eta azpisektoreek aurre egin behar dieten afekzioei buruzko datuak ematen diren. Bestetik, “Elikaduraren Balio Katea” atalean, Kostuen eta Prezioen Behatokiaren emaitzen berri ematen da. Era berean, azken urteotan elikaduraren eta zuraren ekoizpen eta industriaren, kontsumo-ohituren eta landa garapenaren egoerari buruz egin diren azterlanak ere badaude eskuragarri.
Joera berriak
Behatoki.eus tresnak bere eskaintza osatzeko, ekoizpen-, merkatu-, teknologia-, osasun- eta ongizate- edo jasangarritasun-joera berriak eskaintzen ditu, etorkizuneko beharrak asetzeko eta gure elikadura-sisteman berrikuntza, digitalizazioa eta garapen teknologikoa bultzatzen dituzten tresnak baliatzeko. Hori guztia, elikadura kontzienteagoa, osasungarriagoa, seguruagoa, jasangarriagoa eta bidezkoagoa lortzera dago bideratuta; izan ere, horixe da gero eta gehiago eskatzen dena eta eragin handia dute kontsumo-ohitura berrietan.
Horrela, berrikuntza eta jasangarritasuna Euskadiko sektorearen etorkizuna nabarmen markatuko duten palanka bihurtu dira. Enpresa-berrikuntza garapen jasangarrirako tresna da, zeinean gure baliabide biologikoen aprobetxamenduak bat etorri behar duen ingurumena errespetatzen duen elikadura sistemarekin.