• Bizkaiko nekazaritzako eta abeltzaintzako ekoizleen izenean jarduten duen erakundea den aldetik, elikagaien soberakina murrizteko eta berrerabiltzeko konpromisoa hartu du
• Balioesten da urtero 350.000 tona elikagai baino gehiago xahutzen dela Euskadin.
Bizkaiko nekazaritza-abeltzaintzako elkarteen kooperatibak, LORRAk, bat egin du Euskadin iraunkortasuna eta kontsumo arduratsua bultzatzen dituen elikagaien xahuketaren kontrako plataformarekin.
Erakundeen, antolakuntzen, asoziazioen eta entitateen eztabaida-leku izateko eta eremu horretan jarduera-plan bat aurrera eramateko sortu zen plataforma. Xedea, sektore ekonomiko guztien inplikazioarekin elikagaien soberakinak murriztea eta berrerabiltzea da.
LORRAk, Bizkaiko nekazaritzako elikagaien sektoreari lotuta dagoenak, ekimenarekin bat egin du, eta elikagaien ekoizpenean iraunkortasuna eta kalitatea bermatzeko eta kontsumo arduratsua egiteko konpromisoa hartu du. “Ekoizle-talde bat gara eta gure helburuak proposatzen diren jomugekin bat datoz; horregatik, ekimenarekin bat egin behar genuela ohartu ginen” komentatu du Martín Uriartek LORRAren gerenteak.
Plataformako beste kideekin bat eginez, LORRAk “Euskadin, elikagaien xahuketarik ez” manifestua babesten du. Konpromiso hori hainbat eremutara zabaltzen da, horien artean gizartea arazoaren inguruan sentsibilizatzea, jardunbide onen prestakuntza bultzatzea eta elikagaien aprobetxamenduaren aldeko aldaketa arauemaileak sustatzea, eta xede hori lortzeko irtenbide berritzaileak martxan jartzen laguntzea.
Xahututako elikagaiak nekazaritzako elikagaien katetik ateratako elikadura-produktuak dira, giza kontsumorako egokiak izanagatik hondakin moduan amaitzen dutenak, ordezko erabilpenik ematen ez zaielako. FAOren arabera, urtero 1.300 milioi tona elikagai baino gehiago xahutzen da, munduan ekoiztutako elikagaien herena hain zuzen. Elikagaien xahutzea nazioarteko erakunde eta gobernuen erronka nagusietako bat da, gizartean, ingurumenean eta ekonomian eragiten duelako.
Balioesten da 350.000 tona elikagai baino gehiago xahutzen dela Euskadin, eta pertsona batek urtero 160 kilo inguru hondakin sortzen dituela.
Aldaketa horrekin bat egiteko, ezinbestekoa da lurraldean iraunkortasunari lotutako produktuak, bertakoak eta osasungarriak, sustatzea. Ildo horretatik, Eusko Jaularitzak lurraldeko elikagaien ekoizpena, eraldatzea, garraioa, merkataritza eta kontsumoa oinarritzat hartuko dituen ekintza-plana martxan jarri du.